2018/01/11

Eppur si mouve



Galileo Inkisizioaren aurrera eraman zutenean, bere ideia eta teoriak arbuia zitzan eskatu (esijitu) omen zioten, "Jainkoaren tribunalak" ezarritako heriotz-zigorra ekidin ahal izateko (pisuzko argudioa iruditzen zait hauxe, urrutirago joan beharrik edo arrazoi hoberi bilatu behar ez duena).
Diote ere, etxean bizitza osorako preso egon zedin kondenatu zutela eta zigorra onarturik, epaileen aurretik urrundu zenean "eppur si muove" (baina mugitzen da) esan omen zuen ahopeka eta errebeldia modura.
Jakina da Galileo historira pasa dela zientzia modernoaren sortzailetako bat bezala, lehen teleskopioaren eraikitzaile gisara eta, batez ere, erlijioa eta zientzia bereizi zituen jakintsu bezala.
Uzten badidazue paralelismoa egiten eta distantziak, kausak eta pertsonaiak eredu gisara erabiliz eta ez inolaz ere elkarren arteko konparazio gisara, burura etorri zait Galileoren kausa Españako tribunaletan Catalunyako hainbat buruzagi presok azaldu eta argudiatu dutenaren harira.
Alegia, gartzelan jarraitzeko mehatxua ekidin nahian, buruzagi politiko horiek aitortu omen dute epailaren aurrean, espreski egiten diotela uko Catalunyaren independentziaren alde bakarreko aldarrikapenari. Hala egingo balitz berriro, epaileen aurrera eramandako buruzagiok esan omen dute, diputatu gisara dimitituko dutela. Entzun ote die norbaitek esaten "eppur is populo independens"?
Pozik dira Españan, ez bakarrik beren ekintzen arduragatik epaituak izan direlako buruzagi kataluniar hauek, baizik eta esan arazi omen die beren ideiak ez direla zuzenak eta Españako konstituzio monarkikoaren doktrina onartzen omen dutela.
Ez naiz ni legegizna baina nire buruari galdetzen diot: zilegi al zaio epaile bati balizko delituak epaitzea? Ez al da epailearen lana lege urraketak, gertatu direnean eta gertatu bezala epaitzea?
Epaiketa hauek gehiago dute doktrinatik, fedetik eta inkisiziotik, benetako egitura juridiko-demokratikotik baino eta akusatuek Galileoren papera hartu (behar izan) duten bezala, inkisidorearena, doktrinaren zaintzarena hartu du epaileak.
Aldea zera da: Galileo herooitzat hartua izan den bezala, koldartzat eta parregarri hartu dituztela buruzagi kataluniarrok (beno, ez dakit Galileo nola hartua den Españan: gutxi harrituko nintzateke bertako politikariek oraindik geoentrismoa aldarrikatuko balute!).
Erregimen totalitaristek gartzelaratzen dituzte oposizioko eta sistemaren aurkako ideologia dutenak "zerbait egingo ote dutenaren beldur". Baina berme demokratikoa eskaintzen duten herrialdeek, berme osoz eta legeetan ezarritako zigorren arabera epaitzendituzte gaizkileak: baina gertatutakoak epaitzen dtuzte eta ez pentsatutakoak, are gutxiago ustezkoak edo balizkoak.
Baltasar Garzoni egotzi nion "justizia pelagikoaren" kontzeptua sortu izana: sarea bota eta milaka batzuren artean azalduko da zeinek zerbaiten errua leukakeen. Oraingo kontzeptu berria pentsatzen jarri eta "ustezko justizia" edo "justizia prebentiboa" etortzen zait.... agian egun batzu pasa ondoren, besteren bat okurrituko zait. Baina kontua da, doktrinaren defentsa, fedea eta ekintza nahastea dela, erlijioa eta politika nahastea, beraz.
XVI. mendetik aurrera erlijioa, filosofia eta zientziaren eremuak banatzen, definitzen saiakera handia egin bazen, gaur egungo politika totalitarioa honek, beldurraren politika guzti honek, berriro ere mugak lausotu nahi ditu eta ustea, sinistea eta ezagutza, denak zaku berean sartu, azken finean, denok doktrina bat jarrai dezagun.