Egunotan, haur eta gazteekin lan ezberdinetan dihardugun guzti-guztiok, adierazpena sinatu behar izan dugu esanez, gutxi gora-behera, ez dugula adintxikikoekin inolako arau-hauste edota deliturik egin edon behintzat, ez garela zigortuak izan.
Inguruko jende ezberdinarekin jardun dut adierazpen horren egokitasunaren inguruan eztabaidatzen. Besteak beste, legelari bati galdetu nion ea honelako ekintza bat ez ote zihoan Espainiako Konstituzioak aldarrikatzen duen "errugabetasun presuntzioa"ren aurka. Legelariak ezetz zioen eta gaineratu zuen, inolako errurik ez banuen, ez nuela horrelako adierzpen bat egiteko inolako arazorik. Helburua, nonbait, horrelako ekintzaren batean kausa bat zeukanarengandik babestea zela eta ikusita azken hontan gauzak nola jarriak ziren...
Bi hausnarketa nagusi egin nahiko nituzke. Batetik, "horrelako kausaren" batean zigortua izan eta bere errua ordaindu duena betirako zordun ote den galdetzen diot neure buruari. Hau da, zigorra betetzeak ez ote gaituen akatsetik libratzen. Hala ez balitz, alferrik da zigorra. Bestela, behin errua egin eta betirako ordaindu behar duenak, inoiz ez du bere zorra kitatuko eta, beraz, "betirako espetxe" edo zigorra bete behar du.
Ez diot nik honelako erru bati garrantziarik kenduko: larria da. Larriegia da adintxikiko baten egoeraz baliatzea inolako gehiegikeriarik egiteko. Baina bururatzen zaizkit adintxikiko eta baita adinekoei egin dakizkiekeen beste hainbat eta hainbat arau-hauste larri: drogak saldu, jazarpena egin, prostituziora bultzatu, alkohola eman... Denek ordaindu behar ote dute berdin? Edo irakasleak bereziki gara arriskutsuak!?
Bigarren hausnarketa zera izango litzateke. Etxeko konponketaren bat egitera datorrenari zinpeko aitortza eskatzea idatziz bere zerga guztien ordainketetan egunean dagoela jakiteko, ez duela Ogasunarekin zorrik. Tren edo autobus gidariari idatziz aitorpena eskatzea esanaz inoiz ez duela gidaritza araurik hautsi eta hautsi izanagatik inolako isunik jaso. Eta abar eta abar. Gehiegikeria? Iruditzen zait badabilela joera bat hortik irakasle eta enparauen aurka. Eta horrek zoritxarrez ez du itxura onik. Gehiago esango nuke: aspaldian entzuten diren ahots ezberdinek, ez dute esperantzarako tarte handirik uzten. Aitzitik, irakasleak gero eta gehiago gutxietsiak izaten gara gurasoengandik umeen aurrean. Eta orain, gainera, peligroso!!!!!!