Lagunen arteko elkarrizketek zerbait ona baldin badute -gauza asko dituzte on baina geure intereserako, bakarra aipatuko dugu oraingoan- non hasi jakiten duzula baina ez dakizula non bukatuko duten.
Horixe gertatzen zait Abassekin: kezka asko eta handiak ditu, galdetu egiten du etengabe, jakinmina azaltzen du ia beti, begiak zabal zabal egin eta "baiii?" esanez jartzen zaizu aurrean...
Gaur bertan, joan den astean bere beste lagun batzurekin izandako elkarrizketa- eztabaida hasi zait kontatzen. Abassek zioen, bere lagunek erraz, oso erraz onartzen dutela erlijioek gehiegitan eman dietela gizakiei hiltzeko eta bortxatzeko aitzakia eta hori argitzeko, kristautasuna aipatzen duenean, bere lagunak ados azaltzen direla. Besterik gertatzen omen da, ordea, islama adibide modura erabiltzen duenean.
- Lasai-esan diot- geuri aldierantziz gertatzen zaigu.
Izan ere, geuk ez dugu ikusten kristautasuna mehatxu bezala baina bai islama eta gaur egun, han eta hemen gertatzen direnekin, zer esanik ez.
Abassen ustez, bere herrialdean eta handik etorritako askori gertatzen zaiona zera omen da: ez dutela egoerari buruzko galderarik egiten eta gaderarik ez egiteak esan nahi du -Abassen esanetan- bestek jarriko dituztela erantzunak zeuregan, zeuk sinets ditzazun.
Etxerantz gindoazenean hala bota dit:
- Nik inoiz ez diot galderak egiteari utzi nahi. Izan ere, egunen batean Jainkoaren aurrean aurkitzen banaiz, hari ere galdetu egin nahi diot; galdetu nahi diot zergatik gezurra beti egiaren gainetik dagoen, zergatik bere izenean hainbeste jende erahiltzen den.... Eta berdin zait -dio Abassek- Jainkoak nola hartuko duen nire ausardia, nik galdetu egin nahi diot.
Ea egunen batean nire ikasleei, Platon, Wittgenstein edota Descartes azaltzeaz gain, Abbas filosofoaz hitzegiten diedan...
