Bixta ona duenari ez zaio esan behar zein dagoen soberan, zeini bost piper ajola zaion ekitaldia, erakundea, bertaratuak eta baita argazkia ikustera behartutako irakurleok ere.
Ez da estilo kontua edo askatasun kontua. Jazkerak gizarteratu egiten gaitu. Jazkeraren bidez mundua bost piper ajola zaigula adierazten dugunean, zer egiten dugu hor, denen artean eta, gainera, kamarari begira? Ez zenuen aparteko esfortzurik egin behar: konturatu gara bai, ederki konturatu ere hortxe zaudela, esan beharrik ez duzu! Nork esan dizu niki xixtrin hori, zure adinari ez dagozkion galtza zalapastroso horiek eta sandalia-albarkak jantzita egoki zaudela? Edo bestela, ez al dago zure etxean ispilurik? Inork ez daki zeintzu egon behar duten ekitaldian eta zeintzu ez eta, beraz, bertan egon nahi ez bazenuen, etxean edo zeure bulegoan edo Conchatik barrena pasiatuz egon besterik ez zenuen.
Horrelatsu agertu zen irakasleren bat Unibertsitateko hautaprobetako azterketak zaintzera. Ez ni, ikasleak asaldatu ziren eta pentsatu zuten beren bizkar par egitera etorri ote ziren!
Estilo berezia, estilo pertsonala nahi bada, izan daiteke era askotakoa. Ez naiz ni horregatik izutu edo asaldatuko, ez horixe. Mundu guztiak ez du korbata jantzi beharrik. Baina xikin agertzen denak zikin ematen du. Hor ez dago aitzakiarik!
ORNITORRINKOAk, egunkaria itxi, betaurreko beltzak jantzi eta haizea hartzera joatea erabaki du paisaia ederragoak disfrutatu eta argazkia ahazteko.
