2015/05/09

Jarrera kontua, ez adin kontua



Aldaketa garaiak dira eta egoera berrietara egokitu ahal izateko sormena, ekimena eta malgutasuna bezalako doaiak eskatzen dira.

Doaiok, nonbait, gazteengan daude txertatuak eta, beraz, adineko, adin nagusiko gainontzeko gizakiok zirkuitutik kanpora gaude: akats galanta!


Aldaketa eta egokitzapenerako gaitasuna ez dago, inondik ere, adinarekin lotuta, jarrerarekin baizik. 

Adin bat dugunok ezagutu ditugu hainbat eskola ezberdin, oso ezberdin, eta guztietara egokitu eta ohitu behar izan dugu.

Makina bat erreforma izan da hezkuntzan, adibidez, argazkian agertzen den urtetik hona eta guztiei eman diegu erantzuna, guztietan moldatu ezezik, ikasteko eta etengabe berritu eta sortzeko grina sentitu dugu.

Klarionezko arbel beltz eta munduko mapa erakusten zuten ormirudiak; argizarizko moldeetan eraikitzen genituen kopiak eta ondorengo "klitxeak"; diapositiba eta proiektoreak; idazmakinak eta bideoak, ordenagailuak,... Guztiek beren garaian erabat aldatu izan dute eskola eta irakasteko baliapide eta metodologia.

Adineko irakasleok urteotan bizi izan ditugun aldaketa sakon eta errokoei aurre nola egin diegun azaltzeko adina jakinduria behintzat badugula uste dut eta hau ekarpen garrantzitsua izan daitekeela deritzot.
Aldaketarako gaitasuna ez da, inondik ere, adin kontua, jarrera kontua baizik.

2015/05/04

"Televisión Escolar"

Galdezka ibili arren, inor-gutxik dauka gogoan 60. hamarkan TVEk martxan jarritako "Televisión Escolar".
Telebista txuri-beltzean ematen zen oraindik eta goizeko 9ak aldera hasten zen emanaldian matematika, hizkuntza (española), zientzia-esperimentuak, historia eta abarreko klaseak ematen ziren telebistaz.
Ikaragarrizko garrantzia izan zuen bere garaian eta "teknologia berri" honekin, eskola betirako aldatua izango zela ziotenek arrakasta zuten eta han eta hemen hitzaldiak ematen zituzten.
Horren ondoren etorri ziren beste batzuk eta beste batzuk eta ... gure gaurkoa ere horrela iritsi zaigu eta horrela joango da ahazten, ahazten, ahazten...
Orduan, orain bezala, irakaslearen papera arras aldatuko zen, ikastetxeak ere ez ziren gehiago berdinak izango, ikasleak berak aukeratu ahalko zituen bere ikasgaiak... Pasa dira 45 urte eta ez da lurrikararik izan: aldaketak etorri dira guk uste gabe eta, askotan, guk geuk nahi gabe: eta konturatzerako, igual pasa dira 20 urte eta argazki zaharren bat zure eskuetan hartzen duzunean konturatzen zara gauzak zenbat aldatu diren!
Lasaitasuna, mesedez.